Jon Legarrea - Gela Blog

domingo, 10 de enero de 2010

Berlingo ospitalean dagoen lagun bati idatzitako gutuna

2009ko abuztuak 21
Ene lagun maitea!

Lehenik eta behin barkaidazu, otoi, hain berandu idazteagatik hainbeste espero zenuen gutun hau; bulegoan lan eskerga izan dugu azkenaldian, eta nekearen nekez, ez nuen lau letra hauek idazteko indarrik ere. Hala ere, badakit ni baino petralduago zaudela (zure amak kontatu zidan atzo), egun osoan geldirik, mugitu ezinean. Eskerrak Jon hor duzula beti laguntzeko prest... hala ere, nekosoa behar du izan egun osoan etzanda egon behar izateak!

Egia aitortuko dizut: gertatu zitzaizuna entzundakoan, ezinezkoa egin zitzaidan sinestea. Zu bezalako mendizale fina, mendi magaletik erortzea? Zer gertatu zen benetan, Saioa? Zure gurasoei kontatutakoa badakit jada, bai nik bai auzoko lagun guztiok. Hala ere, zaila egiten zait sinestea... Trago pare bat hartu zenituztela uste dut nik, zu eta Jon bezalako parrandazalerik ez baitut sekula santan ikusi!

Gertatutakoaz lasaiago solasteko aukera izango dugulakoan nago. Izan ere, datorren astean festa dut lanean eta bisitatxo bat egin nahiko nizuke. Ondo al doakizu? Iritsi bezain pronto taxi bat hartu eta ospitalean bertaratuko naiz. Horrela patxadaz mintzatuko gara gertatutakoaren inguruan. Gainera, auzoko txutxumutxu berriak zuri kontatzeko irrikitan nago! Gauzak dexente aldatu dira alde egin zenuenetik, eta seguruenik kontatuko dizudan berriren batek ahoa bete hortz utziko zaitu. Gogoak ditut (ikus Nireikasgelategian, ikasleen hutsak), bai, zurekin egon eta barre algaraka egoteko, aspaldiko partez ez baitugu astirik izan biontzako...

Oraindik esan ez dizudan zerbait badago: Udane, Miren eta Xabik prestatu dizuten sorpresatxo bat eramanen dizut. Badakizu hirukote hau arte plastikoen munduan zeharo murgilduta dabilela. Karrera amaitu zutenetik sormen kolektiboko proiektu bati heldu diote, eta jo eta su ari dira koadroak etengabe margotzen. Artea maite duzula dakitenez, beren obra pare bat eramateko agindua eman didate, ospitaleko gela kolore biziz apaintzeko. Ikusten duzun bezala, zuen lagun zaharrek gogoan zaituzte!

Beraz, datorren astean ikusiko dugu elkar. Jonek aspaldian egindako gonbidapenari helduko diot, eta zuen etxean geratuko naiz egun hauetan, beste konpromezurik ez baduzue behintzat. Horrela izatekotan, mesedez esaiozu Joni lehen bait lehen dei diezadan, ostatu merkeren bat interneten bidez bilatu ahal izateko. Muxu handi bat eta energia positibo pila bidaltzen dizkizut dizut zure zain, ligamendu eta hezur guztiak ahalik eta lasterren senda daitezen! Zaindu Saiotxu, astelehenarte!

Maialen D.U.

No hay comentarios:

Publicar un comentario