Jon Legarrea - Gela Blog

lunes, 11 de enero de 2010

Pertsonaren deskribapena

Naiara nire laguna oso pertsona berezia da. Lehenengo begiratu batekin ez zenuke sekula beregan erreparatuko, baina zin dagizut ezagutzen duzunean, pertsona garrantzitsu bilakatuko dela zure bizitzan.
Itxura aldetik, nahiko neska normal bezala defini genezake: garaieraz ez da oso altua. Belearen hegoa baino ilunagoa du ilea, eta kattagorrien antzeko begi jostariak. Aurpegi exotikoa daukala diote batzuk, marokiarra baitirudi Oreretakoa den arren. Kolore apaletako jantziak erabili ohi ditu, ez oso deigarriak baina beti egokiro konbinaturik.
Baina Naiararengan azpimarratuko nituzkeen puntuak bere izaerari dagozkionak dira. Hasteko, bere adimen handia aipatuko nuke. Aizkora bezain zorrotzak dira bere ikuspegiak, egoera ororen azpian taupadaka dauden azpijokoak argi ikusteko gaitasuna baitu. Hala ere, bere ideiak adierazteko orduan oso pertsona fina da, eta besteen sentimenduak ez mintzeko moduan mintzatzen da beti. Gainera, pertsona umoretsua izanik, irribarreak lorarazten ditu ahoa ireki bezain pronto. Lagun taldean txisteak kontatzen dabil etengabe, xarma handia baitu horretarako.
Hala ere, irriak bere ahotik tximistak baino azkarrago alde egiten du norbait sufritzen dagoela igartzen duenean. Ez ditu pertsona zanponak onartzen, besteak izorratzen edo besteetaz trufatzen direnak. Horrelako pertsona baten aurrean, normalean baketsu den Naiara pertsona burrunberoan bilakatzen da, eta bere lekuan jartzen du bidegabekerietan ari den elementua.
Gelakideak izan ginen heinean, bere lanarekiko jarrera ere ezagutzen dudala esan dezaket. Proiektu berrien aurrean batzutan ddalddera ager daiteke. Dena ondo ulertzen eta egiten ez duen arte ez dago lasai, baina lana aurrera doan ahala plazer hutsa da berarekin lan egitea. Oso eskuzabala da, eta beti dauka aholku on bat edota lana hobetzeko iruzkinen bat mihiaren puntan. Hori gutxi balitz, sekulako antzezlea ere dela aipatu behar dut. Komizitatea trebetasun handiz maneiatzen du, publikoa barrez lehertarazteraino. Paper dramatikoetan, aldiz, tentsioa sortzeko abilezia dauka, keinu gutxi batzuen bidez pertonaia baten barne mundua islatuz. Osterantzean, eskenatokitik jeitsi eta oso umila da, ez da aktore txarrak baina harroputzen batere antzeko.
Honekin guztiarekin, ezagutzeak pena merezi duen neska dela esan nahi dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario