Jon Legarrea - Gela Blog

lunes, 11 de enero de 2010

Preso bati gutuna

1998ko martxoaren 4an

Kaixo Luisa,

Zer moduz zabiltza? aurrekoan zutaz gogoratu nintzen "la zarzamora" abestia entzundakoan; gogoan dut etxeko patioan abestu ohi zenuela, eta oroitzapen horri helduz idaztera animatu naiz.

Hemendik denak nahiko igualtsu darrai; Miguel nire senarra urtarrilean jubilatu zen eta ordudanik txotxa baino iharrago dago, egun osoan bere pipa nazkante hori ahotik atera gabe. Bizitza osoa darama fabrikaz kexuka eta orain noraezean dabil, baina pasako zaiola esaten diot nik. Gure bizilagunak betiko moduan dabiltza. Bigarren solairuko Piliren alaba oso ikasle ona omen da: Unibertsitatean ikasteko beka bat eman omen diote, eta oso pozik omen dago Zuzenbidea ikasten. Auzoan bizi garenok pairatzen ditugun bidegabekerien kontra borrokatuko duela dio, ez dakizu zelako neska ederra bilakatzen ari den... Hainbeste urtez hemen bizi garen zu ta biok, aldiz, badakigu egoera hau aldatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula.

Geroz eta polizia gehiago dabil hemengo kaleetan barna, baina benetako arazoak errepresioaren bidez ezin direla konpondu argi dago. Emakume afrikar mordoa etorri dira, nik uste mafiek behartuta. Hamar eurorengatik sexu harremanak izaten dituzte kale gorrian, pairatzen duten miseriak behartuta. Halakoak ikusterakoan odolak irakiten dit eta zuk egindakoa geroz eta hobeto uler dezaket. "Erahilketa saiakera" leporatu zizuten, baina proxeneta hura bai zela benetako hiltzailea: ziur naiz, zuk esan bezala, amenazuen bidez emakume horiek poliki-poliki akatzen zituela oiloa bezain puta zen Manolo hark. Luisa, nire elkartasuna daukazula jakitea nahiko nuke.

Nik, hemen, egunero-egunero planto egiten diet bidegabekeriei. Atarian bizi garen emakumeok astean behin biltzea erabaki dugu: gehiengoon seme-alabek alde egin dute jadanik, eta auzoko arazoei konponbideak bilatzen saiatzen gara. Prostituzioaren inguruko artikulu bat idatzi dugu egunkarirako, oihartzun handia izan duena. Honetaz gain, gure arteko harremanak sendotzen dihardugu, hain bakarrik ez sentitzeko erremediorik hoberena dena.
Anitak esan zidan kartzeleko antzerki taldean izena eman duzula: ene Luisa, zu beti izan zara oso saltsera! Dibertituko zara, ezta? Egunen batetan zure antzezpenetako bat ikustea posible balitz abisatu mesedez. Metroz joango gara zure bizilagun ohi ginen guztiak, eta eskuak gorritu arte txalotuko zaitugu.
Ahalik eta lasterren elkar ikustea espero dut. Besarkada handi bat eta animo!

Juana Mari

No hay comentarios:

Publicar un comentario