Jon Legarrea - Gela Blog

lunes, 11 de enero de 2010

Tikoaren deskribapena

Mapa turistikoetan agertu ohi ez den herri industriala da Gela. Siciliako hegomendebaldean kokatuta dago, ziurrenik desarrollismoaren maitaleek langilegoarentzat eraikitakoa.
Zementu eta porlanez eraikitako graziarik gabeko etxeak elkarrengandik oso hurbil daude, izututako artalde grisa bailiran. Berdegunerik ez, lokaztutako kale batzuetan loretxo basatiak badaude ere. Hala ere, Gelatarren bizipozak eta naturaltasunak oso kutsu ezberdina ematen diote hiriari.
Etxeko atarietan pertsona adindu asko daude: urteen labankadek beren aurpegiak zimur sakonekin markatu dituzte, eguzkitako krema turisten kapritxo zen garaietan. Anisa patxadaz edanaz eta gertakari oro hontza begiradaz ikusmiratuz ahitzen dituzte arratsaldeak. Noizean behin, zalapartaka dabiltzan haurrei so egin eta hasperena botatzen dute, “gaur egungo haurrek ezer errespetatzen ez dute” pentsatuz…
Baina Gelako haurrek ez dirudite gaur egungoak; ez daude bideojokoekin tentelduta, distira baitute begietan. Distira hori bi eguzki txikietan bihurtzen da jolasterako orduan, haur hauek antzinatean bezala jolasten baitute, kalean eta harri eta makiletaz baliatuz. Hor doa harrikada jaso duen haur bat, bere amaren magalean kontsolamendua bilatzera. Emakumeak, leku guztietan bezala eta beti lez, lanean daude etengabean; begirada nekatua duen Verenak, alabari muxu azkar bat eman ostean kalean izarak zintzilikatzen jarraitu du, itsasoari noizbehinka zeharkako begiradak botaz.
Gelako portua ez da portu erromantikoa, tatuatutako marinel ederrek akordeoia jotzen duten horietakoa. Arrain ustelaren kiratsak ongietorria ematen die kruzerotik irribarretsu jeisten diren turistei. Berehala ilundu ohi dute kopeta eta, argazki pare bat atera ostean, itsasontzira itzuli ohi dira caipirinha edatera, eta Ekuadorretik paperik gabe etorritako sukaldariek prestatutako “benetako pasta italiarra!” jatera. Turista hauen memorian ez da da geratuko hiritxo txiki triste hau, non pertsonen eskuzabaltasunak edertzen du bi arkitekto depresibok diseinaturiko graziarik gabeko kaleak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario